Jon Olivares eta Idoia Ramirez de Okariz dira OinHerri egitasmoaren aurpegi berriak. Beraiek eta egitasmoa ezagutzeko galdera batzuk egin dizkiegu.

OinHerrira iritsi zarete, lurreratu berri zaudete oraindik, zer da aurkitu duzuena?

Lehenik eta behin, orain arte egindako lanak ekarritako ilusio eta gogoa toki guztietan. Proiektu honetan parte hartu dutenen inplikazioa eta aurrera egiteko nahia. Honek guri ere izugarrizko ilusioa helarazi digu, eta orain arte egindakoari jarraipena emateko erronka potolo bat dugula ikusi dugu. Horrenbeste inplikatuta dagoen jende guztiarekin elkarlanean jarraitu, ilusioak eta ametsak elkartrukatu eta hauek herriko errealitatera ekartzeko.

Herri hezitzaileen bidea martxan da?

Bai, ikusi dugunarekin herri hezitzaileen bidea martxan dagoela esan dezakegu, tokian tokiko erritmoan eta ekintzekin. Baina guztiak ilusioz beterik eta oinarri berdinekin lanean, hau da, benetako parte hartze euskaldun, herritarra eta hezitzailea gauzatzen.

Oso proiektu zabala duzue eskuartean, herri ezberdinak euskal herri guztian zehar banatuta. Zer da herri ezberdinak lotzen dituena?

Euskal herri barruan errealitate anitzeko herriekin ari gara lanean, baina guztiak oinarrizko balio batek lotzen ditu, euskarak. Gure herrien aniztasuna hizkuntza aniztasunean ere islatzen da. Helburua euskara bera lanerako, aisialdirako eta bizitzeko tresna bilakatzea izango litzateke, hizkuntza txikiaren alde egiten dugun oro hizkuntza guztien aldekoa baita.

Jendartea ulertzeko ikuspegiak lotzen ditu, aisia-hezitzaile eredu batek lotzen ditu, herriko eragile, erakunde zein hezkuntzako eragileak elkarlanean jardunez, haurrak eta nerabeak herritartzat hartzen dituen benetako parte hartze baten bidean.

Zein erronka nagusi aurkitu dituzue OinHerrin?

Orain arte egindako lan guztiari jarraipena ematea eta haurrekin batera amestutakoa herrietan gauzatzea. Haurren benetako parte hartzea ziurtatuz herria eraldatzea, izan ere, haurrentzat egokia den herri bat, guztiontzat egokia baita.

Euskal herri hezitzailea irudikatzen duzue?

Aitzina Euskal Herrian auzolana zen nagusi, haurren heziketa ere komunitatean egiten zen, elkarri lagunduz eta elkarrengandik ikasiz. Honez gain, naturarekiko izan genuen lotura galtzen joan da eta hau ezinbesteko balioa da haurren heziketarako. Galdu genuen hori berreskuratzera goaz, berriz ere guztion eskubide berdintasuna aitortu eta Euskal Herri hezitzaile baten bidean.    Eta herri ezberdinetan errepikatu izan dugun moduan, pausuz pausu egingo dugun prozesu bat izango da, guztiok herritarrak garela onartu eta herritar guztion inplikazioa bilatuko duena.