Egunerokotasunean hainbat egoeretan jolasteko jolasak batzen dituen bilduma da hau. Jolasak norberaren edo lagun taldearen gustura eta imajinaziora moldatzeko sortuak izan dira. Baita, espazio ezberdinek ematen dizkiguten aukera eta materialetara ere.
Herri eta hiriak haurrenak ere badirela aldarrikatzeko sortu dugu. Horregatik bultzatu nahi izan ditugu haurrak kalea bere egitera eta berain kasa bertan jolastera, Kale kantoiren hartzaile natural eta jolasaren protagonista izanik. Era berean, jolasaren indar sozializatzailea eta hezitzailea azpimarratu eta jarduera ludiko eta talde jolasaren bitartez zenbait gaitasun lantzeko baliagarria den tresna sortu dugu. Nahiz eta jolasen bilduma hau haurrentzat zuzenduta egon, helduen esku hartzea ere bultzatu nahi dugu. Honetarako, irizpide eta aholku sorta ere prestatu dugu batez ere erabilera hezkidetzailea sustatu nahian. Hezkidetza zergatik? Hain ohikoak diren sailkapen sexistak ekidin eta neska zein mutil izan jolasteko aukera guztiak eskainiz, haurrek euren identitate eta gaitasun sozialak askatasunean eraikitzeko besteak beste.
Irizpide hauek Txatxilipurdiko webgunean izango dituzue eskuragarri ( http://txatxilipurdi.com/kalekantoi).
Liburuxka honek, guztira 41 jolas biltzen ditu, haurren egunerokotasunean oinarritutako 6 multzotan banatuak:
– Bidejolasean: etxetik eskolara bidean jolastekoak.
– Gora jaixak: herrietako jaiak dituzte iturri.
– Helduak poteoan ari dira: helduen poteo aspergarrietan umeek ere gozatu dezaten.
– Eta orain bazkaria: bazkari amaigabeetan jolastekoak.
– Bizi bete kalea!: kaleko izkina edo txoko ezberdinetara moldatutakoak.
– Amalurra ere gure lagun: naturak oparitzen dizkigun jolasak.

Bilduma honen jolasen sortzailea Maddi Urizar Altuna izan da eta ilustratzaile eta diseinua Andoni Iñurritegi Telleriak egin ditu.

Hemen aurkitu dezkazu kalekantoiko  hezkidetza gida.

Kalekantoi eskuratu nahi izanez gero jarri gurekin kontaktuan.