Aurtengoan ere, bigarren urtez, eguraldi eguzkitsuarekin batera udara begirako jostailuen trukea egiteko aukera eskaintzera gatoz. Udan ere, jolasteko, gozatzeko eta lagunekin ondo pasatzeko baliabide apartak baitira.

Etxean dauzkagun jostailuei begirada bat bota eta erabiltzen ez ditugunak beste batzuengatik trukatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu. Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi ditugun jostailu horiek trukatzea polita izan daiteke: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak , hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak…

Jostailuak biltzeko egun bakarra egongo da,  beraz, argi ibiltzea komeni da. Maiatzaren 27an, ostiral arratsaldean, Arrasateko gune ezberdinetatik pasatuko da Txatxilipurdiko furgoneta jostailuak biltzen:

–          16:30-17:30ak bitartean Sebero Altube plazan jasoko dira.

–          17:45-18:45ak bitartean Santamarinako ludoteka aurrean.

–          19:00-20:00ak  bitartean Arimazubi plazan.

Jostailuen truke, txartelak banatuko ditugu, zenbat jostailu hainbeste txartel.

Txartel hauek jarraian,  jasotako jostailu guztien artean gustukoena aukeratzeko baliagarriak izango dira. Ekainaren 3an egongo dira guztiak ikusgai.

Hauek dira jostailuek bete beharreko baldintzak:

–          Jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira.

–          Indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez.

–          Sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko.

Ekainaren 3an, aurrez aipatu bezala, Monterrongo parkean, jasotako jostailuak ikusgai jarriko ditugu eta trukea aurrera eramango dugu. Bertan, jokoak azaltzeko  eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dugu. 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo gara.

Jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu elkarrekin jolasteko eta arratsalde bikaina pasatzeko.

Jostailu trukera animatzen?