Txatxilipurdi elkarteko ildo nagusietako bat den heziketa berdean sakontzeko asmotan, 2024ko udaldian urrats bat gehiago eman nahi dugu. Horretarako, udaldi honetan baso-natur eskola pedagogian sakonduko dugu modu praktikoan. Uztailean zehar ohiko udaleku eredutik haratago, beste eredu hau ere jarriko dugu martxan.
Zergatik baso udalekuak? Naturarekiko deskonexio sozialari aurre egiten laguntzen digutelako, erroetara bueltatuz. Osasunean eragiten dituen onurengatik, gozamena eta heziketa uztartzeko ematen dituen aukerengatik eta baita sormena garatzeko eskaintzen duen laguntzagatik ere.
Bide beretik, ondorengo hauek izango dira Txatxilipurdiko lehenengo baso udalekuek izango dituzten helburu nagusiak; naturarekin elkarrekintzan aritzeko espazioa eskaintzea aisia hezitzailearen bitartez, euskarazko komunikazioa eta ahozkotasuna lantzea, haurren autonomia lantzea (ekintzari eta pentsamenduari dagokionean), euren emozio eta interesekin konektatzeko aukera eskainiz, haurren arteko elkarbizitza eta elkarlana sustatzea. Haurren sormena sustatzea naturaren bitartez, gurasoak edota familiak heziketa berdera modu praktikoan-haurren bitartez hurbiltzeko aukera eskaintzea eta pedagogia berdearen bitartez genero rolak lantzea.
ESKAINTZAREN INGURUKO INFORMAZIOA
Datak: Uztailaren 22tik 26ra.
Ordutegia: 10:00-13:00
Espazioa: Santa Barbara
Hartzaileak: 6-9 urte bitarteko haurrak (2015, 2016 eta 2017an jaiotako haurrak). Gehienez 30 haur.
Prezioa: 50€
- AED-ko bazkide izateagatik %5 deskontua.
- Familia ugaria %5 deskontua
- Biak izanez gero %10 deskontua
Diru sarrera egitean, deskontuak kontuan izanik egin beharko da (ordainketa haurraren izenean egin beharko da). Kasu hauetan agiriak aurkeztu beharko dira.
Txatxilipurdiko baso udalekuetan izena emateko epea martxoaren 5ean irekiko da eta apirilaren 26an bukatuko da. Aurrez-aurre zein on-line bidez jasoko dira izen emateak:
- Txatxilipurdiren webgunean: www.txatxilipurdi.eus “Udalekuen izen ematea” atalean.
- Bulegoan: Nafarroa etorbidea 23, 1.solairua. Astelehenetik ostegunera, 9:30-13:30 / 15:00-17:00 Telf. 943795446
Informazio puntuak egongo dira, edozein zalantza argitzeko asmoz: 17:00-19:00
- Martxoak 7, Biterin.
- Martxoak 14, Musakolako kiroldegi kanpoan.
- Martxoak 15, Arimazubi plazan.
- Apirilak 11, Biterin.