Skip to main content

 

Badira urte batzuk Arrasateko eragile eta erakunde ezberdinek euskalgintzako mahaia osatu genuela eta baita hitzarmena sinatu ere. Arrasate euskalduntzeko asmoz eta helburuaz, haur, gazte, heldu, guraso zein familiekin lan egiten dihardugu.

Txatxilipurdi Elkartea, euskara elkarte izanik, mahai horretako kide da eta batez ere hizkuntzaren transmisioan eta aisialdian dihardu lanean. Transmisioa, goitik behera, behetik gora edota horizontalki ematen dela ulertuta, ekintza eta egitasmo ezberdinak lantzen ditugu. Horien artean gurasoei zuzendutako euskara ikasteko ikastaroak antolatzen dira, gurasoen helburu eta beharretara egokitutako ikastaroak.

Badakigu gurasoen beharrak ezberdinak direla eta, horretaz gain, arazoak egon daitezkeela ordutegiarekin. Hori dela eta, izena ematen dutenekin adostuko dira egutegi eta ordutegiak.

Asmoa urritik ekainera bitarteko ikastaroa ematea da, zehaztutako edo  aukeratutako erritmoan eta egunetan.