Txatxilipurdiko udaleku hezitzaile eta euskaldunetan izena emateko epea Apirilaren 4an irekiko da eta maiatzaren 13an bukatuko da, bai irekietakoak eta baita itxietakoena ere.
Aurtengoa 28. urtea izango da udalekuak antolatzen dituguna 2 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat, eta eskaintza ezberdinak eta interesgarriak proposatzen dizkiegu.
Uztailaren 4etik 22ra izango dira udaleku irekiak. Arrasateko hiru gunetan izena emateko aukera egongo da urtero bezala: Musakola, erdigunean eta San Andresen.
Adinaren eta gunearen arabera osatuko dira taldeak, hauen jaiotze data kontuan izanik.
Azken urteetan egin izan dugun bezala, ekintza ezberdinetan taldeak nahasten saiatuko gara aberasgarriagoa iruditzen zaigulako elkarrengandik ikasi eta harremanak sustatzeko.
Adinaren arabera izendatuko ditugu taldeak:
- BILIN-BOLONKA: 2 urteko haurrak 2013. urtean jaioak.
- BEIBILEKUAK: Haur Hezkuntzakoak, 2012 eta 2010 urte bitartekoak.
- BIHURRIKEIXETAN: Lehen hezkuntzako guztiak, 2009 eta 2004 urte bitartean
Ordutegia goizez 10:00etatik 13:00etara izango dute eta lehen Hezkuntzakoek, arratsaldez ere parte hartzeko aukera izango dute 15:30etatik 17:30etara.
Zaintza zerbitzua egongo da, 9:00etatik 10:00etara bitartean printzipioz erdigunean bakarrik eta hezitzaileak arduratuko dira guneetara eramaten. Izena ematen duten kopuruaren arabera dena den, aztertuko dugu auzoetan ere jartzea.
Izena emateko: Izen emate fitxa eta ordainagiria aurkeztu beharko dira. Kontuan izan, familia ugaria edo topakideko bazkide bazarete, %5eko deskontua izango duzuela. Bi baldintza hauek betetzen badituzue,%10eko deskontua izango duzue, beraz, diru sarrera egitean, deskontuak kontuan izanik egin beharko duzue (ordainketa haurraren izenean egin beharko da). Kasu hauetan agiriak ekarri beharko dituzue.
Aurtengo aldaketak:
Iazko aldaketekin jarraituko dugu:
- Bilin-Bolonkako haurren ordutegia aurten ere 10:00etatik 13:00etara izango da besteena bezala.
- Haur hezkuntzakoen ur egunak ( igerilekuak jarriko ditugun egunak) erdigunean izango dira eta astean ur egun bat izango dute.
- Lehen hezkuntzakoek irteera bat izango dute baina ordutegia luzatuko zaie: 10:00etatik 18:00etara.
Udaleku irekietako esku orrian 9-12 urte bitartekoentzat udaleku itxien aukera ere sartu dugu, adin tartearen arabera udaleku ireki edo itxietan izena emateko aukera izango dutelarik. Udaleku itxi hauetan Askizura joateko aukera izango dute 2006-2004 urte bitartean jaiotakoek. Uztailaren 10etik17ra izango da. Hemen ere deskontuak egongo dira familia ugari eta Topakideko bazkide direnentzat
Aurtengo berrikuntza nabarmenena, ASTEKAKO UDALEKUAK jartzea izan da. Eskaerak jaso ditugunez, froga egitea erabaki dugu baina gutxieneko taldeak osatu beharko dira eta erdigunean izena emateko aukera bakarrik egongo da kasu hauetan. Kasu hauetako adin tarteak 3 taldetan banatuko ditugu:
- 2013-2010urte bitartean jaiotakoak
- 2009-2007 urte bitartean jaiotakoak
- 2006-2004 urte bitartean jaiotakoak
Talde bakoitzeko 10 haurreko taldea osatu beharko da aurrera egin ahal izateko.