Azken 34 urteetan gure herriko Gabon garaia alaitzen daraman jolas parkea da Txikilandia. Belaunaldi asko pasatu gara bertatik eta ondorioz agerikoa da Arrasatear askok jaialdi honi loturiko une ahaztezinak gure barnean gorderik ditugula.
Bart gauean aldiz Txikilandiak erasoa jaso du, Uarkape pilotalekuko atea indarrez ireki ostean, bertan aurrez muntaturik zeuden jolaserako elementuak suntsitu dituzte. Gertakari honek ondorengo hausnarketak zabaldu dizkigu:
- Ez dugu ekintza honen helburua ulertzen baina argi duguna da, herriko haur, nerabe eta familiak izango direla kaltetu zuzenak. Horrez gain, Uarkape erabiltzen duten Esku Pilota zein Dragoi Gimnasia elkarteengan ere eragina izan du.
- Gabon zahar gaueko aisialdiaz gozatzea beharrezkoa da baina berau ezin daiteke gainontzekoen zein inguruaren kaltetan egin.
- Ekintza orok bere ondorioa dakar, hau horrela izanik, ekin aurretik honek sortu dezakeen eraginean pentsatzea ezinbesteko ariketa dela uste dugu.
Guzti hau esanda, 2025eko Txikilandiak moldaketa batzuekin bada ere aurrera egingo duela adierazi nahi dugu. Gure herriko haur, nerabe zein familiek merezi eta horrenbeste baloratzen duten jolas parke hezitzaile eta euskaldunaz gozatzeko aukera bermatuz.
Txatxilipurdi elkartea eta Arrasateko udala