PAREKO
Txatxilipurdi elkarteak mahai jolas berria argitaratu dugu, Pareko! 6 urtetik gorako jokalarientzat eta 2 -8 lagunen artean jokatzeko mahai jolas dibertigarri eta sortzailea da.
6 urtetik aurrera eta hiru maila
Marrazkietan eta hizkuntzan oinarritzen da Pareko eta 6 urtetik aurrerako jokalarientzat sortu dugu. Jolasteko, irakurtzen jakitea beharrezkoa da, baina erabili ditugun esaldiak oso sinpleak direnez ikasten dabiltzan txikienek ere jolasteko modukoa dela uste dugu, beti ere beraien ezaugarrietara moldatuta. Hiru jolas maila ezberdindu ditugu, eta jokalari talde bakoitzak erabaki beharko du zein mailatan jolastuko duen.
Arrasateko eragileekin auzolanean
Mahai jolasa sortzeko ideia Arrasateko euskalgintzako hezkuntza eragileei aurkeztu genien, denek izan zuten gustuko proiektua eta herriko Arizmedi ikastola eta Herri Eskolako zein institutuko  ikasleei parte hartzea proposatu  genien. 120 marrazki behar genituen jolasa osatzeko.
Bi mila marrazki baino gehiago   jaso genituen eta aukeraketa egiteaez zen erraza izan. Eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmoa babestu zuten eragileei eta marrazkiak egin zituzten ikasle guztiei! Pareko beraiena ere bada!
Hizkuntzarekin jolasteko
Gure eguneroko lanaren oinarria gozamena da eta egitasmo hau ere bertan kokatzen dugu, ondo pasatzea da jolasaren helburu nagusia, beraz aisialdiko proiektu ezberdinetarako egokia dela uste dugu, baita familian momentu goxoak pasatzeko ere. Bestalde, hizkuntza jolasaren muinean kokatzean, euskara ikasten dabiltzanentzat ere erakargarri dela uste dugu, deskribapenak dira jolasaren oinarria eta honek hizkuntzan trebatzea ahalbidetzen du modu ludiko batean.
Salgai
Pareko salgai daukagu Txatxilipurdi elkartean 13 euroren truke eta ohiko sareetan ere banatuko dugu. Deskribatu, marraztu, gozatu