Otsaileko lehen asteburuarekin batera Txatxilipurdi elkarteak martxan jarriko du aurten ere Ludoteka ibiltaria.
Ludotekarik ez dagoen auzoetan aurrera eramaten den egitasmoa da eta aurtengoan ere Musakola eta San Andres auzoetan izango da.
Auzo bakoitzean, lau larunbat goizetan egongo da Ludoteka Ibiltaria, euskaraz, lagun giroan eta parte hartzaileek adostutako ekintzak aurrera eramateko.
Bi hezitzaile bidelagun izanik, 10:30etatik 13:30etara bitartean ekintza ezberdin ugari egiteko aukera egongo da. Aipatutako ordutegi tartean sartu-irtenak libreak izango dira.
Datorren larunbatean hasita, Musakolan izango da egun hauetan: otsailak 3, 17, 24 eta martxoak 3an.
Musakolako Gaztetxoko ataria izango da elkargunea. Bertan, gerturatzen direnen artean erabakiko da auzoko beste gune batetara joan edo ez eta egin beharreko ekintzak.
3-12 urte bitarteko haurrak eta hauen arduradunak gonbidatuak daude. Ez dago aurrez izena eman beharrik eta nahi duen orok parte hartzeko aukera du.
Musakolan egon ostean, San Andres auzoan egongo da Ludoteka Ibiltaria.
Aurtengoan San Andres auzoko elkargunea Arimazuri plaza izango da.
Martxoak 10-17 eta apirilak 14-21 izango dira auzo honetan ludoteka ibiltaria egongo den egunak.
Ordutegia Musakolan bezala, 10:30-13:30 izango da eta aurrez aipatu bezala parte hartzaileekin erabakiko da bertan gelditu edo beste gune batera joan eta egingo diren ekintzak.
Gunez aldatuz gero, elkargunean oharra utziko lukete hezitzaileek non egongo diren adieraziz eta bertara gerturatzeko gonbita eginaz.
Otsailak 3an beraz, Musakolako Gaztetxoko atarian elkartzera animatu nahiko genituzke auzotarrak eta auzokoak ez direnak ere nahi izanez gero, euskaraz jolastuz goiz atsegin eta dibertigarria pasatzera. San Blas eguna izanik, agian san blasak egiteko aukera egon daiteke, beti ere, parte hartzaileak nahi izanez gero.