Skip to main content

Txatxilipurdi elkartean Arrasatetik abiatuta haur, nerabe eta familien euskarazko aisialdi hezitzailea lantzen dugu, gozamena ardatz izanik eta bizitzarako baliagarriak izan daitezkeen balore zein gaitasunak garatzen lagunduz, hala nola: euskaltzaletasuna, parte hartzea, autonomia, naturarekin harremana, aniztasuna, hezkidetza, zaintza … Hezkuntza ez-formaletik abiatuta lan egiten dugu eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean.
Gure jarduna Gipuzkoako esku-hartze sozialaren sektorepean burutzen dugu, haur, nerabe eta familietan egon daitezkeen arrisku egoeren prebentzioa ere egiten dugularik. Hori horrela, gure lana Zaintza ere badela argi dago, zaintza hezitzailea hain zuzen.
Elkar-zaintzan oinarritutako bizitza eta lana dugu helburu gure balioekin bat eginez.
Esku-hartze sozialaren sektorea oso anitza da eta lanpostu ezberdinak dituen sektorea. Badaude gu baino egoera okerragoan dauden zerbitzuak non enpresen onura ekonomikoak onura asistentzialei gailentzen zaizkien, kasu askotan zerbitzu eskasak eskainiz eta zaintza duina ezin bermatuz. Guk bat egiten dugu gure sektore berdinean baldintza horietan lanean dauden langileekin. Haatik, guk ere sumatzen dugu guk esku-hartzea dugun zerbitzuetan gure lanaren gutxiespena eta horrek gu ere baldintza okerragoetan lan egitera garamatza (kontratu partzialak, lanorduetan murrizketak, pandemia egoeran lehenengo itxi zirenak guk kudeatzen ditugun zerbitzuak izan ziren…).
Elkarteko langile profilari dagokionez, 50 emakumezkoak eta 14 gizonezkoak gara eta batez besteko adina 27 da. Argi gelditzen da zein den aisialdi hezitzaile eremuaren aurpegia, emakumea eta gaztea.
Azkenik, aipatu beharra dago, gure sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago 2018tik, beste batzuk bezala eta indarra egin nahi dugu hitzarmen duin baten alde.
Guzti honegatik Txatxilipurdi elkarteko langileok ere zaintza lanak aitortzea aldarrikatzen dugu eta martxoaren 4an greba egingo dugu.

 

Arrasaten, 2021eko martxoaren 2an