Zer da jolasparkeak.eus?
Jolasparkeak.eus ataria, Euskal Herriko jolasguneen gida bat da. Bertan zazpi herrialdeetako aire libreko jolaserako espazioak aurkituko dituzu. Baina ez edozein gune, alajaina; izan ere, jolaserako hainbat espazio daude gurean eta guk, gida honen egileok, gune esanguratsuenak hautatu ditugu.
Zer aurkituko duzu bertan?
Bi multzotan sailkatutako aire librerako jolaserako espazioak aurkituko dituzu bertan. Alde batetik jolasguneak eta bestetik jolas parkeak.
. Jolasguneak: jolaserako ere egokiak diren aire libreko espazioak. Hala nola; plazak, parkeak, frontoiak, kontzejupeak…
. Jolas parkeak: jolaserako espreski sortutako parkeak.
Gidan aurkituko dituzun guneak aukeratzeko erabili ditugun irizpideak
1.- Jolas parkea ahalik eta material naturalenekin egina izatea.
2.- Jolas parkea osatzen duten elementuek motrizitatea, sormena eta haurraren abentura sena sustatzea besteak beste.
3.- Herrigintzatik abiatutako prozesuak izatea. (auzolanean, prozesu parte-hartzaileen bidez…)
4.- Kolore neutroak izatea.
5.- Doakoak izatea.
6.- Estaliak izatea.
7.- Kanpo espazioan jolaserako aukera eskaintzea.
Oharra: Jolaserako kanpo espazioko guneak aukeratzerako orduan irizpide hauek betetzen dituzten guneak aukeratzea hobetsi da. Esan beharra dago, gune bakoitzak ez dituela zertan irizpide guztiak bete behar,baina bai, hauetako bat baino gehiago.
 2-Zergatik gida hau?
azken hamarkadetan ohikoa bilakatu delako patroi berdineko jolas parkeak eraikitzea han eta hemen. Hainbatetan entzun dugu haur bakoitza mundu bat dela. Beraz, zergatik eskaini jolaserako espazio berdinak haur guztiei?
Adituek eta arituek hainbat aldiz esan dute haurrek berezkoa duten jolaserako sena kamusten dutela patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas parke hauek: partxis koloreko ziburuez, txirristez eta abarrez osatutakoak, alegia. Eta aldiz, arituek, hau da haurrek, behin eta berriz erakusten digute jolaserako edozein espazio dela egokia edo egitura berdinez ostatutako jolas parkeei beste erabilera bat ematen dietela; gora eta behera ibiltzea, makilekin eta lurrarekin errekastoak eraikitzea, hanka bakarrean saltoka aritzea, eta nola ez ezkutaketan aritzea. Horretarako eta beste hainbat eta hainbat jolaserako nahikoa dira gune irekiak eta moldaerrazak.
Norberaren jolas esperientzian atzera egin ezkero hortxe aurkituko ditugu kontzejupeak, parkeak, frontoiak, plazak, bolatokiak… eta beste hainbat jolaserako espazio. Eta ez dira derrigorrean eta espreski jolaserako sortutako jolas parkeak.
Guk halaxe izendatu dugu gida hau, jolasparkeak.eus. Gure iritziz, polita izan daiteke txikitako jolasgune horiek akordura ekarri eta berreskuratzeko saiakera egitea. Baina ez hori bakarrik, eraiki diren jolas parkeen artean ere badira material naturalez egindakoak direnak, moldaerrazak direnak, prozesu parte-hartzaileen bidez egin direnak edo haurraren motrizitatea, sormena eta abenturarako sena sustatzen duten elementuez osatutakoak direnak. Horiek bildu eta ezagutzera ematea ere gustatuko litzaiguke.
Zergatik txatxilipurdi egitasmo honetan?
Txatxilipurdiren laneko oinarri nagusienetakoa da jolasa. Egunero bizi dugu eta hausnarketa etengaberako aitzakia ere badugu. Azken urteetan elkartetik  Herri hezitzaileen lan ildoa jorratu dugu. Gure ametsetako Auzo, Herri eta hiriak  irudikatzen saiatu gara,eta  hauek, osoak  dira jolaserako aproposak. Tamalez, nahiko urrun gaude amets honetatik eta  espresuki jolaserako bideratuta dauden  parkez  hornitu ditugu herriak. Auzo, herri eta hiriak Eraldatzeko lehen urrats moduan, parke hauen eraldaketa hartu dugu  abiapuntutzat. Gida honetan noranzko hau duten eta guretzat balio erantsia duten jolasparkeak biltzea eta azalaraztea  da Txatxilipurdiren asmoa.  Jolas parkeen eraldaketan dabiltzan elkarte eta egitasmoentzako eredu izan daitezke eta familia, norbanako eta aisialdi elkarteentzako ere gida interesgarria dela uste dugu .