Gaur egun eta betidanik haurrengan jostailuek duten garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Jolaserako tresna/bitartekoa da jostailua. Txikitatik naturalki denok erabili izan ditugun eta erabiltzen ditugun tresnak dira: komunikatzeko, elkar ezagutzeko, ikasteko, harremanak egiteko, hizkuntza ezberdinak ikasi eta praktikatzeko, … Eta batez ere txikiak garenean erabiltzen ditugun arren, heldu edo nagusitzen garenean, aukera gutxiago izanik (denbora ezak edo sarri lotsak eraginez), jostailuak oraindik ere gure parte sentitzen ditugu eta une atseginak pasatzeko edo egunerokotasunetik irteteko erabiltzen ditugu. Orokorrean momentu onak pasa arazten dizkigute baina momentu txarrak kanporatzeko ere oso lagungarriak dira.
Jostailuaren funtzioa beraz, pertsonaren garapenean, gaitasun psikologiko zein fisiologikoen garapenean lagungarri izatea da. Jostailuen bidez haurrek esploratu, aurkitu, ikasi eta objektu desberdinekin elkar eragiten dute. Orokorrean jostailuak jolasa du helburu, formazio eta ikaskuntza prozesuan duen eragina albo batera utzi gabe. Jostailuak, garapen intelektual, psikologiko, sentsorio – motriz, sozial eta emozionalean estimulatzaile gisa duen papera ukaezina da.
Txatxilipurdi elkartearentzako estrategikoak dira mahai jolasak, haur eta gazteekin batera momentu goxoak bizitzeko bitartekoak dira, gure lan hezitzailea egiteko tresnak izaten dira kudeatzen ditugun zerbitzu ezberdinetan.
Esperientziak erakutsi digu mahai jolas baten bitartez hizkuntza ohituretan ere eragitea posible dela. Jolasean euskaraz hasiz gero taldeak euskaraz jolasteko ohitura garatzen du eta etorkizunean ere euskaraz jolastuko da. Hori dela eta, beharrezkoa izaten da euskarazko argibideak dituzten kalitatezko mahai jolasak izatea.
Tamalez, gaur egun merkatuan dauden mahai jolas gehienak ez daude euskaratuta eta argibideak erdarazkoak dira.
Olgeta jolaserako baliabide zentroa, Goiena komunikazio taldea eta Guraso.eus egitasmoekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru aldndiaren laguntzarekin bideo sorta argitaratuko dugu gure webgunean.
Hezitzaileak eta aproposak diren jolasak gomendatzeaz gain, hauekin dugun harremana euskaraz izatea ahalbidetzen dugu, azalpen guztiak eta jolasaren nondik norakoan euskaraz sortuz.
Hona hemen bideo sorta honetako lehena.