Skip to main content

Atzoko egunez, haur eta guraso talde bat Herriko plazan batu zen, Txatxilipurdi Elkarteak 32 urte hauetan herriari egindako ekarpena eskertzeko.

Eskertza

Hemen, komunikabideetan zabaldutako notizia eta mezua:

Elkarte arrasatearrak aurten, arrazoi ezberdinengatik, ezin izan ditu ohiko Udalekuak antolatu. Horren ordez, Udako Eskaintza Hezitzaile abiatu du, hain zuzen, ekimen honen balorazio positiboa jaso duena.

32 haur eta guraso elkartu dira gaur arratsaldean Herriko plazan, eta bihotz formako giza irudi bat osatu dute batera.

Taldearen izenean, Ana Aranzabalek ekitaldiaren helburua azaldu du: “Txatxilipurdiri eskerrak ematea izan dugu xede, 32 urte hauetan herriari egin dion ekarpena eskertzeko”.

Hartara, “aitortza txikia egiteko, 32 pertsona batu gara, 32 urte horiek sinbolizatzen”. Izan ere, elkarte arrasatearrak “aisialdia euskaldundu du haur, nerabe eta gazteen artean, eskaintza zabal batekin”. “Herriari egin dizkion ekarpen garrantzitsuenen artean dira”:

Txikilandia
Ludotekak
Gazte Lokalak
Gazte Txokoak
Udalekuak

Arrazoi ezberdinengatik, Txatxilipurdi elkarteak aurten ezin izan ditu urteroko Udalekuak prestatu eta aurrera eraman. Horren ordez, Udako Eskaintza Hezitzailea antolatu eta martxan jarri du.

Ildo honetan, Maite San Vicente Urkiak baloratu du ekimen hau “oso ondo dagoela, izan ere, egoera kontuan hartuta, eta segurtasun neurriak beteta, umeak hamabosnaka batzeko aukera ematen du, gune ezberdinetan”.

“Eskaintza astelehenetik ostegunera artekoa da, goizez eta arratsaldez, adin tarte ezberdinendako. Txatxilipurdikoek primerako lana egiten dabiltza, beste behin”.

Halaber, estimatu dutenez, “32. urtez beste behin ere Arrasateko haur eta gazteak erdigunean jarri dituzue!”.

“Eskertzekoa da urte guztian zehar herriari egiten diozuen ekarpena. Are gehiago bizi izan dugun egoera honetan, herriko haur eta gazteak aisialdi euskaldun eta hezitzaile baten beharra inoiz baino handiagoa izan denean, hor egon zaretelako!”.

Txatxilipurditik honako eskertza mezu hau helarazi nahi izan diegu:

32 urte, zuekin eta zuentzako euskarazko aisialdi hezitzailea eskaintzen!
Horretan sinesten dugulako… ametsak egi bihurtzen jarraituko dugu!!!

Eskerrik asko, keinu polit hau oparitzearren!!!

Eskerrik asko-01