Skip to main content

Ostiralean Berria egunkarian azaldu ginen Go!azen telesail arrakastatsuaren inguruko erreportaje batean.

Lotura honetan duzue erreportaje osoa: http://www.berria.eus/paperekoa/1827/038/001/2017-02-10/goazen_tasunak_eta_keriak.htm

Eta jarraian, Txatxilipurdiko kideok erreportajerako landu genituen erantzunak:

1.Eduki aldetik zer iruditu zaizue Goazen telesail musikala?

Eduki aldetik kristau udaleku batzuetan ematen diren maitasun erromantikoan oinarritutako harremanak dira muina. Nerabeak dira telesaileko protagonistak eta hauen bueltan dauden errealitateak, harremantzeko moduak besteak beste, oso modu sinple eta superfizialean deskribatzen dira, klitxez eta estereotipoz gainezka.

Nerabezaroa telesailean ikusten dena baino anitzagoa, konplexuagoa eta interesanteagoa dela uste dugu.

2. Arrakasta sekulakoa lortu du haurren artean. Euskarazko produktu gutxik lortzen dute halakorik. Nola baloratzen duzue hizkuntzaren ikuspegitik?

Hizkuntzaren ikuspegitik telesailak izandako arrakasta poztekoa da. Gutxitan egoten dira adin tarte horretan horren arrakastatsuak diren euskarazko produktuak eta hau lortzen denean balioan jarri behar da. Euskara sustatzeko tresna onak dira telesailak eta Go!azen-i edukiari dagokionean kritika eraikitzailea egiten diogun arren, hizkuntzaren ikuspegitik oso ongi baloratzen dugu.

Gainera, telesaila musikala den heinean euskal kantuen ezagutzan ere eragin du eta haurrak euskal talde ezberdinen kantuak abesten entzun ditugu gune desberdinetan.

Kontutan izan behar dugu, haur eta nerabeen artean eragin eta euskarazko erreferentziak izateko telebista ekoizpen arrakastatsuak ere behar dituela euskarak.

3. ETBk Goazenekin eta beste saio batzuekin (Gu ta gutarrak) haurrei zuzentzen dizkion estereotipoen inguruan zer esango zenukete? Ez al dira harreman guztiak berdinak (heterosexualak, liraina lirainarekin…)

Go!azen telesailean ere, beste ekoizpen arrakastatsuetako estereotipo eta harreman moduak errepikatzen dira. Gai honen inguruan hausnartu egin beharko genukeela uste dugu. Gure haur eta nerabeei eskaini nahi dizkiegun erreferentziak nolakoak izatea nahi dugun pentsatu beharko genuke.

Gure ustez, jendartean, kalean, familietan, ikastetxeetan dagoen aniztasuna telebistako saioetan ere txertatu behar dugu. Hau da, harreman eredu anitzak, ezaugarri, izaera eta jatorri desberdinetako pertsonak, askotariko gorputzak, …  haurrentzako eta nerabeentzako telebista ekoizpenetan ere txertatzera ausartu beharko ginateke. Go!azen bezalako produktuek duten arrakasta baliatzea ezinbestekoa da jendartean pil-pilean dauden gaiak ikuspegi hezitzaile batekin bistaratu eta lantzeko. Modu honetan, jendarte honetan bizitzeko modu desberdinak daudela aldarrikatu eta haur eta nerabeei errealitate horietan aske bizitzen lagunduko geniekeela uste dugu.

 4. Etorkinik ere ez da azaldu Goazenen. Zer diozue?

Harreman eredu eta estereotipoekin gertatzen den berdina ematen da jatorri aniztasunarekin ere. Gaur eguneko Euskal Herria jatorri desberdinetako pertsonek osatzen dugu eta etorri berriak ere gure jendartearen parte dira. Go!azen bezalako telesailetan kulturaniztasuna bezalako gaiak ere lantzeak jendarte inklusiboago baterako bidea egiteko aukera ematen digute eta kultura desberdinetako pertsonak elkarrekin bizi gaitezkeela eta bizi garela ikustaraz dezakegu.

Esaterako, zergatik ez txertatu beste herrialde batetatik etorri arren euskaraz aritzen diren haur eta nerabeak? Hori ez da fikzioa gure herrian.

Go!azen bezalakoak aukera paregabeak dira kultura horiei ere merezi duten aitortza egiteko, hizkuntza aniztasuna ezagutarazteko eta Euskal Herriaren kasuan, haur eta nerabeek euskara hizkuntza komun bezala hartzeko, euskara guztion arteko kohesio eta komunikaziorako hizkuntza bezala ulertzeko.

5.  Zertan hobetu dezake telesailak datorren denboraldiari begira?

Gure ustetan aurrera begira telesailak edukietan gehiago sakondu beharko luke. Baliabide berdinekin eta telesailaren oinarriak mantenduz (arrakasta horrek duela ulertzen dugu), aniztasun gehiago islatzeko aukera aprobetxatu beharko luke, aniztasuna ikuspegi positibotik landu,  estereotipoak kendu eta errealitatean ditugun gaiak landu hain zuzen. Horretaz gain, horrelako produktu batek laikotasuna mantendu beharko lukeela iruditzen zaigu.

6. EHko haurrek jasotzen dituzten edukien aldetik, ba al du ezberdintasunik Goazenek beste batzuen aldean? Badaude eredu gehiago? Pirritx eta Porrotxenak…?

Produktu honen ezberdintasunik nagusiena hizkuntzarena da. Gaur egun ez dago ezaugarri hauetako euskarazko telesail gehiago. Adin txikiagoko haurrentzako badira euskaratik balio hezitzaileak lantzen dituzten produktuak baina 8-10 urtetik aurrerako haurrentzako erreferentziak falta dira. Horregatik da garrantzitsua Go!azen bezalako euskarazko produktuak sortzea baina hauek balio hezitzaileetan oinarritu daitezen lan egin behar dugu.

7.  Telebista publiko batek zer ardura du haurrentzako saioetan transmititzen dituen balioei dagokienean?

Gaur egun irudiak orokorrean garrantzia handia dauka haur eta nerabeen artean. Zentzu horretan telebista ugari kontsumitzen dute haurrek eta horrek arduraz jokatzea eskatzen du ezinbestean. Kasu honetan gainera, telebista publikoaz hitz egiten ari gara eta bertan transmititzen diren balioak bereziki zaindu behar direla uste dugu.

Horrelako produktuen bidez haurrei nola pentsatu eta jardun behar duten transmititzen diegula jakin behar dugu. Hori, “betiko” mezuekin josita egiten badugu, haurrak balio horietan hezten ari gara. Hori horrela izanik, telebista publikoari ausardiaz jokatzea eskatu behar diogu, jendartean ditugun gaiak, haur eta nerabeentzat erakargarriak diren molde berritzaileak erabiliz lantzea hain zuzen, baina euskaraz eta balio hezitzaileak kontutan hartuta.