Skip to main content

Gaba baltza, Domu Santu bezperako gaua da. Gaur egun Hallowen izenarekin egiten zaigu ezagunagoa. Estatu Batuetatik datorrela uste izan dugun arren, orain dela urte batzuk Euskal Herrian ere egun berezi hau Arimen gaua edo Gau beltza izenarekin ospatzen zen. Gure aiton-amonek haur zirenean, kalabazak hustu, aurpegiko zuloak egin, argiztatu eta herriko zenbait txokotan ipintzen zituzten.

Gaur egun Hallowen tankera hartu duen egun hau, gure jatorrietatik abiatutako egitarau batekin ospatzeko gonbidapena egiten dizuegu eta horregaitik, TTAK gazte taldeak, Ekin Elkarteak, Txatxilipurdi Elkarteak, Arrasateko Udal Ludotekek eta Gaztetxokoek elkarlanean sortu dugun egitaraua aurkeztu nahi dizuegu.

URRIAK 26 ETA 27: ERDIGUNEKO GAZTEGUNEA BELDUR ETXE bilakatuko dute Gaztetxokoetako nerabeek. Herritar guztien bisitak jasotzeko zabalik egongo da larunbatean eta igandean arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Etorri lagunartean, familian edota bakarrik.

URRIAK 29: Etxaluzeko Azeri gelan, ZIKLO MESTRUALA EZAGUTZEN tailerra egongo da. 17:00etan. Izen ematea egongo da eta guztira 20 plazako tailerra izango da. Izena emateko, deitu edota idatzi: 685 72 77 43 / aniztasuna@txatxilipurdi.eus

URRIAK 31: ARIMEN BILTZARRA egingo da Gaztetxean. Bertaratzeko, 18:00etan herriko plazatik hasita kalejira antolatu dugu. 19:00etan Gaztetxean Arimen Biltzarra burutuko da. Bertaratzen zaretenoi kukumarro edota baserritarrez jantzita etortzera animatzen zaituztegu, bide batez, kandela eta kalabazak ekartzera ere.