Urtero bezala, uztailean Txatxilipurdi Elkarteak eta Arrasateko Euskara sailak elkarlanean Freskura egitasmoa jarriko dugu martxan.
Uztailaren 1etik 26ra 16:00etatik 20:00etara, Euskarazko irakurgaiak, mahai jolasak eta jolaserako elementuak maileguan hartzeko aukera izango da Musakolako igerilekuan. Honekin, euskaraz dauden produktu ezberdinen ezagutza eta erabilera sustatu nahi dugu.
Aurtengoan ere igerilekuko eskaintzaz gain Arrasateko familiei zuzendutako aisialdi eskaintza euskalduna burutzera goaz. Horretarako, uztaileko ostegunetan Santa Barbarako ur txorroten inguruan izango gara 18:00-20:00 bitarte tailer ezberdinak eskaintzen.
Hona hemen Santa Barbaran eskainiko ditugun tailerrak:
- Uztailak 4 Talde jolasak
- Uztailak 11 Sormen tailerra
- Uztailak 18 Naturan Jolasean
- Uztailak 25 Jolas erraldoiak
Berritasun bezala aurten Freskura irakurketa kluba antolatzera ausartu gara. Arrasateko bibliotekarekin batera, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz liburu bat irakurtzeko proposamena luzatu nahi dugu. Liburuaren idazlearekin solasaldia ere antolatu dugu.
Proposatzen dugun liburua: 7G udalekuak.
Adin tarte zabalari eskainitako liburua da haur, nerabe zein helduek irakurri dezaketena.
LIBURU HAU DESBERDINA DA. Istorio honetan gertatuko dena ZURE eskuetan dago. ZU zara protagonista. Arriskuak, dilemak, eta abenturak aurkituko dituzu. Erabakiak hartu beharko dituzu eta enigmak ebatzi. Zure gaitasunak eta adimena erabili beharko dituzu. Erabaki txar batek hondamendia eragin lezake… eta heriotza ere bai! Baina ez etsi. Edozein unetan egin dezakezu atzera eta beste aukera bat hautatu, zure istorioaren ibilbidea aldatu dezakezu. Murgildu zaitez 7G udalekuen zirraran… Agian lagun berriak egingo dituzu, maitemindu egingo zara, agian zure bizitzako oporrik onenak izango dira; edo agian ez, agian ezingo duzu etxera itzuli, agian ezingo duzu inoiz han egon zinenik kontatu. Ausartuko zara? Gertatzen dena gertatzen dela ere, ZORTE ON!
Uztailaren 17an, 18:30ean Musakolako igerilekuan Nerea Loiola Pikaza idazlearekin elkartuko gara liburuaren inguruan solasteko.
Solasaldian parte hartzeko izena eman beharko da: https://labur.eus/freskura, Bibliotekan edota Txatxilipurdin.
Liburua irakurri nahi dutenentzat eskuragarri egongo da Arrasateko Bibliotekan, baita Freskurako igerilekuko txokoan ere.
Adin tarte guztientzako eskaintza da Freskura, haur, nerabe eta helduei aukera ezberdinen bitartez (jolastuaz, irakurriaz eta tailerretan parte hartuz) parkean edo igerilekuan dauden momentuan euskaraz ongi pasatzeko aukera eskaini nahi diegu, uztailean ere euskaraz jolasteko irakurtzeko eta gozatzeko aukerak eskainiz.
Uztaileko arratsaldetan , euskaraz gozatzeko aukera paregabea da Freskura! Hurbildu igerilekuko txokora euskaraz gozatzera.
Ez dadin euskara lehortu, zure eskura… Freskura!