Asteburu honetako Mantangorri gehigarrian Txatxilipurdiko Lander Juaristiri PAREKO! jolasaren inguruko elkarrizketa egin diote.
Jarraian dituzue elkarrizketan kontatutakoak:
Pareko mahai jokoa argitaratu berri duzue. Zein da egitekoa?
Koadernoan biltzen diren marrazkiak deskribaatu eta marraztu behar dira. Horixe da jokalarien egitekoa. Hiru jokalaritik gora egon behar dira jolasteko. Haietako bat deskribatzaile zuzendaria izango da, eta gainerakoak, marrazkilariak. Deskribatzaile zuzendariak, koadernoan agertzen den marrazkietako bat hartu, eta deskribatu egin behar du agertzen dena, ahalik eta modurik zehatzenean. Deskribatzaileak esandakoa marraztu beharko dute besteek; marrazkilariek ezin dute marrazkia ikusi.
Marrazten jakitea ezinbestekoa da?
Garrantzitsuena ez da ongi marraztea, zuzendariak esandaka marraztea baizik. Denbora agortzen denean, marrazkia erakusten da, eta marrazkiaren azpian dauden ezaugarriak irakurtzen dira. Horren arabera, puntuak eskuratuko dituzte marrazkilari. Jokalari guztiek zuzendari lanak betetzen dituztenean amaituko da partida.
Marrazkiz beteriko koadernoa al da jolaserako materiala?
Hori da, bai. Arrasateko (Gipuzkoa) gaztetxoek egindako 120 marrazki bildu ditugu jolasaean. Jolasa sortzea pentsatu genuenean, herriko eragileengana eta ikastetxeetara jo genuen laguntza eske. Berehala erakutsi ziguten parte hartzeko asmoa, eta marrazki mordo bat jaso genituen: milatik gora. Haietatik 120 aukeratu ditugu jolaserako. Marrazki bakoitzaren azpian ezaugarri jakin batzuk idatzi ditugu. Deskribatzaileak ezingo ditu ezaugarri horiek irakurri.
Maila ezberdinak daude jolasteko?
Hiru maila bereizi ditugu.. Irakurtzen jakitea derrigorrezkoa da. Mailaren arabera, debora gehiago edo gutxiago izango du deskribatzaileak deskribapena egiteko, eta marrazki mota ere aldatzen da.
Nolako marrazkiak dira?
Denetarik dago: zailak eta garatuagoak dira batzuk, baina badira sinpleagoak ere. Haien artean 6 urteko haurrek egindako marrazkiak daude, eta, maiz, haiek izaten dira deskribatzeko zailenak. Aniztasun hori da jolasaren aberastsuna.
Zein da jolasaren helburua?
Aisialdiaren eta euskararen inguruan lan egiten dugu, eta gozamena da gure oinarria. Ongi pasatzea dugu helburu, baian ez dugu ahazten hizkuntza elikatu behar dugula. Jolas honek horretarako balio du. Helburua, beraz, euskaraz gozatzea da, eta bide batez, hizkuntz erabileran eragiteko tresna izatea.