PUNTUA aldizkarirako Lander Juaristi, Oier Nafarrate eta Amaia Etxabek idatzitako kolaborazioa
Txatxilipurdi elkartearen oinarria da jolasa. “Txatxilipurdi jolasa baino gehiago” izango da urteetan gehien erabili dugun leloetako bat, gure furgoneta zaharrean ere irakur zitekeena. Eta halaxe erabili izan dugu jolasa, tresna moduan; jolasa euskaren erabileran eragiteko tresna gisa. Jolasean eta ludikotasunean oinarritu gara gure proiektua eta ekimenak garatzeko, sustatu nahi ditugun balioak lantzeko.
Jakin badakigu haurrek jolasaren bitartez bizitzako oinarri sendoak barneratzen dituztela, horregatik euskaraz jolastuz eta gozatuz, euskalduntzean eragiten dugula sinesten dugu. Baita aisia hezitzailean landu nahi ditugun gainerako balioen transmisioan. Jendarte eraldaketarako tresna bezala ere ulertu izan dugu askotan, baina nahikoa al da jolasa tresna gisa ulertzea soilik?
Azken urte hauetan gure lanak aztertu eta astintzen hasi gara, bidelagun eta elkarlan ezberdinengandik ikasten gabiltza; Oinherri, Arrasatek hezi, herri hezitzaileak, haurren hiria … Haurren parte hartzean murgildu ginen Tonuccirekin, eta konturatu ginen teoriatik praktikara salto egitean gauzak aldatzen direla; moldatu, okerretatik ikasi, birformulatu eta haurtzaroaren kulturaren aitortzan barneratu gara. Haurtzaroaren kultura onartzeak haurrek mundua ikusteko euren modu etiko, estetiko eta poetikoa dutela aitortzea dakar, eta gai direla euren bizitzari eta existentziari zentzua ematen dioten hipotesiak, teoriak eta metaforak eraikitzeko.
Bide honek, haurra gure egitasmoen erdigunean jarri eta bere behar eta eskubideak abiapuntu moduan ulertzera eraman gaitu. Beraien prozesuak, nahiak, interesak eta gaitasunak onartu eta errespetatzera. Eta nola ez, guzti honek helduon egitekoak hankaz gora jarri dizkigu. Gure lan hezitzailea eta egunerokotasunean gure proiektu eta ekimen ezberdinetan genituen esku-hartzeak zalantzan jartzera eta jolasa bera ulertzeko modua ere aldatzera eraman gaitu.
Jolasa da haurtzaroaren kulturaren funtsa. Haurraren jarduera nagusia da norbere burua ezagutzeko, mundua ezagutzeko, harremanak nola eraiki ikasteko… Baina helduok, nola lagundu diezaiokegu bide horretan? Nola sortu jolaserako testuinguru eta oinarri egokiak? Zein izan behar da gure lan hezitzailearen iparra? Bada denbora bat galdera hauei erantzun egokia bilatzen saiatzen ari garela eta horrek jolasa beste modu batean ulertu eta praktika ezberdin batera eraman gaitu.
Gaur egun honela ulertzen dugu jolas librea: fantasiaz eta irudimenez beteta dago eta ez dauka helbururik; baina ikasketa-iturri bat denez gero, haurraren buruan zerbait baliotsua da. Haurra bere ikasketako protagonista bihurtzen da, espazioa ezagutu eta ikasten du, eta esplorazioaren bitartez gainontzekoak eta bere burua ezagutzen du.
Jolastea beraz, etengabe, norberaren barnera begira egotea da. Eta norbera bere buruarekin konektatuta egoteak nor den eta zer sentitzen duen konturatzea dakar (beharrak, beldurrak, nahiak, …), hau onartzea eta honekin koherentzian jokatzea.
Hau da, nor naiz? Zer egin nahi dut? Zer gustatzen zait? Zer dut nahiago? Zeintzuk dira nire mugak? Non bukatzen naiz ni eta non hasten dira besteak? Nor aukeratuko dut nire bidaiarako lagun? Taldeko kide sentitzen naiz? Zer da elkarbanatzea? Zer da ematea?
Jolasa beraz, erronka bat da haurrentzako. Hortik abiatuta hipotesiak egiten dituzte eta ezagutza berriak, munduaren ezagutzan jolasaren bidez izandako bizipenetatik dakitenarekin erlazionatu, moldatu eta zabaltzen dituzte eta esanguratsuena dena aurkitu eta barneratzen dute. Prozesu hau interes, behar eta eskaera ezberdinak dituzten taldeetan gertatzen da.
Gure egunerokotasunak horrelako prozesuak behatu, frogak egin eta hausnartzeko aukera eskaintzen digu. Etengabe haurren eta hezitzaileon benetako beharrak identifikatzeko aukera paregabea dugu Txatxilipurdin, eta aukera hori hanka sartzeko, ikasteko eta poliki-poliki haurraren ongizatea oinarri eta helburu izanda gure lana definitzeko baliatu nahi dugu. Egiten dugun lanaz harro baina gure proiektua etengabe zalantzan jartzeko beldurrik gabe, eraikitzen gabiltzan auzo, herri eta jendartea etengabe aztertuz, guztia aldatzeko eta eraldatzen jarraitzeko prest gaude.
Guzti honengatik, haurrentzako espazioak eraldatu eta hezitzaileon rola zein izan behar den hausnartzen dihardugu. Prozesu honetan sortu zaizkigun galderak erantzuten ahalegindu gara, baina beti bezala galdera gehiago sortu zaizkigu, hauek besarkatu eta bidea egiten gabiltza. Hori dela eta antolatu ditugu Txatxilipurdiko jardunaldiak, urrats berriak eman, gure hausnarketetan sakondu eta herriarekin partekatzeko.