Egoera ez ohiko honetan, bizi dugun krisiari komunitate bezala aurre egiteko garatu ditugun jarreren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu nahi genuke. Nork bere etxetik, eta elkarren zaintza erdigunean jarrita.
Egunak pasa egunak etorri, haurren eskubideak guztiz ahaztu ditugu. Eskolak itxita esfera publikotik desagerrarazi ditugu, baina jarri al dugu arretarik beraien behar, nahi eta mundua ulertzeko modu propioetan?
Modu eredugarrian antolatu gara, herri eta auzo askotan elkar zaintzeko, elkarri laguntzeko. Mirestekoak dira, haurren parte-hartzea sustatzeko, balioetan hezten jarraitzeko eta haurtzaroa ikusgarri egiteko, herrigintzatik sortutako ekimen eta proposamen ezberdinak ere.
Baina honetan ardura dugunok beste pausu bat eman behar dugu: Haurrak ez dira etorkizuna soilik, oraina ere badira, eta beraien eskubideak urratzen ari gara. Non dago aire librea? Non daude haurren artean harremantzeko eta jolaserako eskubidea? Aski da!
Balia dezagun aukera hau txikitasuna handi egiteko, ezkutukoa ikusgarri egiteko, aniztasunaz gozatzeko, gure haurrekin ametsak elkarbanatzeko, elkar hobeto ezagutzeko, haurtzaroa defendatzeko eta merezi duten askatasuna emateko! Elkarrekin asmatuko dugu!
Gure krisalidetan bilduta komunitate baten ametsa ari gara josten. Beldarrak izan ginen, baina argi dugu hemendik nola aterako garen.
Animo eta besarkada estu-estu bana denoi!
Oinherriren web gunea bisitatzeko egin klik hemen