Txatxilipurdi elkarteak familia egonaldia antolatu zuen 2019ko maiatzaren 3, 4 eta 5ean.
Hamar familientzako plazak izan arren,  azken momentuko bajak zirela eta 7 familia elkartu ginen Ozaetako Otaza auzoan dagoen GaraiOn egitasmoaren etxean. Sorgingunean.
7 familia; batzuk elkar ezagutzen genuen (gutxi batzuk) beste batzuk lehen aldiz egin genuen topo bertan. familiez gain Txatxilipurdi elkartean haurrekin lan egiten duten beste 7 hezitzaile, boluntario ere gerturatu ziren Otazara.
Aste bukaera bakarra igaro genuen elkarrekin, baina hausnarketarako aitzakia asko utzi zizkigun egonaldiak. Bertan sortutako giroak, magiak, bizi izandako soseguak… iraun du pixka bat. Pentsarazteko ere balio izan digu.
Familia anitzak elkartu ginen Otazan, egonaldia aitzakia izan zen Saharar jatorriko bi familiek desertuko; Tindufeko kanpamenduko zatitxo bat ezagutarazteko. Tea edan genuen eta haurrek tea prestatzen ikusi zituzten Fahtimetu eta Galat, hipnotizatuta batzuetan. Saharar dantzak egin genituen baita Euskal kantuak dantzatu ere …
Esan bezala Saharar kultura presente egon zen asteburuan, baina ez dugu hau bultzatu, modu naturalean gertatu da. Askotan kulturartekotasunaz mintzo garenean eta hau bultzatzen duten egitasmoak sortzen ditugunean, egoten ez den naturaltasun batekin bizi izan genituen saharar kulturaren izpitxoak.
Aniztasun honek hizkuntza aldetik ere erronka jarri zigun aurrez aurre. Euskaratik gertu egon arren Euskaraz oso gutxi ulertzen duten pertsonak izan genituen egonaldian, baita euskaraz hitz egiteko ohitura ez zuten haurrak ere.
Egonaldian, elkarrizketen %100 ez ziren euskaraz izan, baina hizkuntzara gerturatu ziren pertsonak gozamenetik gerturatu zirelakoan gaude, benetako interesetik, plazeretik. Mina eman diezaguke gure seme alaba euskaldun peto petoak gazteleraz jolasten entzuteak, estrategiak erabil ditzakegu eragiteko, batzuetan lortuko dugu, besteetan ez. Egonaldian hizkuntza helburuak lortu genituelakoan gaude eta hau aniztasunari esker izan zela uste dugu.
Askatasuna izan zen azken balorazioan familiek askotan aipatu zuten beste kontzeptua, naturarekin harremanean, aurreiritzirik gabe tribuan bizitzeak ematen duen askatasuna. Zikintzeko , negar egiteko, ezer ez egiteko askatasuna, lasai egoteko, inongo presarik ez izateko…
Testuinguru artifiziala sortu genuen Txatxilipurditik baina berehala bilakatu zen natural. Ohartuak gara familien arteko honelako elkarbizitzarako espazioek dauzkaten aukerez; Ikasteko ,bizitzeko, harremanak lantzeko… Eskerrik asko parte hartu zenuten familia eta hezitzaileei.