Skip to main content

Martxoaren 23an, bi urteurren borobil ospatuko ditu Arrasate euskara elkarteen mugimenduak: AEDren 35. urteurrena eta Txatxilipurdiren 25.ena. Eta herriko euskaltzale guztiak gonbidatzen ditugu egunaz gurekin batera gozatzera.

Duela 35 urte, euskaraz bizitzeko gogoak eraman gintuen Arrasateko euskaltzaleok batzera. Helburu horri segika, arrasto luzea utzi dugu atzean. Hamaika egitasmo abiarazi ditugu, euskararentzat espazioak berreskuratu guran;dozenaka  ekimen bultzatu, herriko entitateetaneuskararen erabilera areagotzeko;milaka ekintza, euskaraz hazi, hezi, gozatu eta ahalduntzeko aukerak emanez … Eta, hori dena, ehunka bazkide konprometituren bultzadari esker. Badaukagu, beraz, zer ospatua.

Goiz partean, 11:30 aldera, ekingo diogu jaiari, Seber Altube plazan, askotariko egitarauarekin: Muralarteko neskek gidatutako mural margotzea, herriko kontalariekin ipuin maratoia, zuzeneko irratsaioa …

Tartean, eguerdiko 12etan, Ekin elkartearen laguntzarekin paratu den ARTEAN3erakusketa bisitatzeko aukera ere izango da, Sara Miguelez artistak gidatuta.

Bazkal aurretik, dantzei eta musikari egingo diegu tartea. Batetik, Arrasateko Konpartsa kalejiran aterako da, 13:30 aldera, Seber Altuben, Arrostaitz eta Lore Gazteak taldeetako kideekin dantzaldia. Bestetik, indartsu datorren Ekiñe Casadok bakarkako kontzertua eskainiko digu gitarra lagun.

Bazkaria 14:30ean hasiko da. Menua, bertan prestatutako barazki-paella, postrea eta kafea. Txartelak AED, Ekin eta Jai Zalen eskura daitezke, 8 euroren truke (AEDko bazkideek eta adin txikikoek, 5 eurotan).

“Sei pistols& Trabuko bat” taldeak girotuko digu bazkalordua, betiko eta egungo euskal kantuekin.

Eta, ondoren, arratsaldeko programari helduko diogu: denondako jolasak Txatxilipurdirekin, AEDko ekoiztutako “Buahtxabal!” antzezlana Jon Zubiaga “Osoron” aktorearekin eta “Konpost” taldearen kontzertua, Txerra Bolinaga RIPeko kidearen azkeneko ekimen musikala.

Gozatzeko eta ospatzeko eguna izango da, bai. Baina ez hori soilik, ez baitira gutxi euskaltzaleok aurrean ditugun erronkak.

Euskararen egoera, oro har, AED sortu genuenean baino hobea den arren, kontrako haizeak indartsu datoz oraindik ere. Orain arteko kemenarekin eusten jarraitzeko lain. Gaitasunik ez zaigu falta. Ezta Ilusiorik ere. Iraganean erakutsi dugu, baita berriki ere, Euskaraldiarekin. Mugarri berri bat izan da gure jardunean. Baina 11 eguneko ariketak baino gehiago beharko dugu euskaraz biziko bagara. Batu gaitezen, bada. Saretu gaitezen, jarrai dezagun euskarari hauspoa ematen. Berandu barik, martxoaren 23an.