Musakolako aurtengo azken asteburuan, giro ezin hobea egon da. 30 haur eta nerabek parte hartzeaz gain, 3 arduradun ere animatu dira, eskerrik asko!
Aurrez adostu zuten bezala, hanka paloekin, balance bikeekin eta saskibaloian aritu ziren. Baina ez hori bakarrik, mahai jolasetan jolastera eta eskulanak egitera ere animatu ziren. Parte hartze aktiboa eta anitza egon zen, denek ekintza guztietan parte hartu zutelarik. Gurasoei dagokionez, jarrera aktiboa eta txalotzekoa izan zuten.
Datorren astean, gunez aldatuko da ludoteka ibiltaria eta San Andres auzora joango gara. Hala ere, Musakolan egondako parte hartzaileak hurrengo asterako proposamenak luzatu zituzten: monozikloak, hanka paloak, aurpegi margoketa, sukaldaritza, pin-pon txapelketa … egin nahi omen dituzte.
Saiatuko gara guzti hauek ere bertara bideratzen eta parte hartzaile hauek ere bertan ikusi nahi genituzke auzoko beste parte hartzaile ugarirekin jolasean. Beraz, animatu San Andres auzokoak eta beste auzoetakoak nahiz erdigunekoak ere, San Andresen parte hartzera.