Goienak Ekin Emakumeak Elkarteko eta AEDko zuzendaritzetako bi kide elkarrizketatu ditu “ZUREKIN ARRASATE EUSKALDUNAGO” kanpainaren baitan.
Jarraian duzue elkarrizketa osoa goiena.eus-etik hartuta: http://goiena.eus/arrasate/1485432616920
Zurekin Arrasate euskaldunago kanpainarekin buru-belarri dihardute AEDk, Ekinek eta Txatxilipurdik –625 bazkide inguru dituzte–; kanpainaren bueltan, solasaldi interesgarria izan dugu Osinagarekin eta Pildainekin.
Zertarako antolatu duzue kanpaina?
Beñat Osinaga: Elkartekide berriak bateratzea eta elkartzea da helburuetako bat. Orain arte arrazoi ezberdinengatik gure jardunaren eta asmoen berri izan ez dutenei, kontzienteki edo ez euskaltzale diren horiei nolabaiteko deia egin nahi diegu, euskalgintza balioan jarrita.
Zer nabarmenduko zenukete euskarak Arrasaten bizi duen egoeraz?
B.O.: Euskarak hizkuntza gutxitu bat izaten jarraitzen du. Euskaraz hitz egiteko aukera dagoen horietan ere, gaztelaniara jotzen da kontzienteki edo ez. Euskararen alde egitea norberak egunero bete behar duen konpromisoa izan behar da.
Oihane Pildain: Beharrezkoa da euskarak jaso izan duen eta jasotzen jarraitzen duen zapalkuntzaz sentsibilizatzea eta jabetzea. Soilik orduan izango da posible euskararekin bat egin eta norabide horretan borrokatzea. Eta hor, AED, Ekin eta Txatxilipurdi bidelagunak dira.
Kanpainak eman al du fruiturik?
B.O.: Poliki-poliki, bazkide egin diren eta bazkide egiteko asmoa erakutsi duten pertsonak hurbiltzen ari dira. Gainera, kanpaina gauzatzeko, hainbat bazkideren laguntza esanguratsua eta eskertzekoa izan da.
O.P.: Kanpainak, gainera, AED, Ekin eta Txatxilipurdi ezagutzera emateko aukera eskaintzen du. Herritarrok askotan hain gaude sartuta gure gauzetan, ez dugula denborarik gure inguruan dauzkagun baliabideez ohartzeko. Kanpaina jendearengana hurbildu eta barneak astintzeko aitzakia izan daiteke, eta baita elkarteetatik sustatzen diren ekimenak balioan jartzeko ere.
Zein arrazoi izan ditzake herritar batek elkarteetara batzeko?
B.O.: Orain dela urte eta erdi batu nintzen AED elkartera, eta ordura arte lokartuta nituen bi interes sustatzea lortu dut: euskara eta herrigintza. Betidanik nire burua euskalduntzat izan dut eta musikarekiko interesak jorratuz ekintza puntualetan parte hartu izan dut. Baina AEDra batu naizenetik, pertsona berriak eta interesgarriak ezagutzeaz eta asko ikasteaz gain, handiagoa den zerbaiten parte naizela jabetu naiz. Euskalduna izatetik, euskaltzale bihurtzeko kontzientzia hartu dut. Euskarak eta herriak batzen gaitu eta guztiok daukagu zer eskaini.
O.P.: Egongo dira euskararen egoerarekin kezkatuta daudelako edota herrigintzak erakarrita etorriko direnak. Baina baita haur edo gazteen aisialdiaz arduratzen direnak, aniztasunean euskaraz bizitzea posible dela sinesten dutenak, pertsona guztien aukera eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen dutelako gerturatzen direnak. Guztiak ongi etorriak izango dira.
Interesa duenarentzat: nola batu daiteke elkarteetara?
B.O.: Hainbat aukera daude, norberaren interesen eta aukeren arabera. Bazkide izateaz gain, kuota arrunta edo norberak finkatutakoa ordainduta, badaude elkartekide izateko beste aukera batzuk. Baliteke hau irakurtzen dabilen pertsona batek urtean zehar antolatutako ekintza zehatz baten parte hartzeko interesa izatea. Horrelako kasuetarako, norberaren denbora edota lan boluntarioa eskainita izan daiteke elkartekide.
Ekitaldi berezirik aurreikusi duzue?
B.O.: Egun ezberdinetan kalera irtengo gara. Gainera, epe motzera lehiaketa bat antolatuko dugu sare sozialen bitartez, ekarpenak edota proposamenak jasotzeko Zurekin Arrasate Euskaldunago lelopean. Aipatzekoa da ere martxoaren 25ean egingo den festa handia prestatzen ari garela. Baina egun hori iritsi bitartean, beste sorpresa batzuk egongo dira.
Lotura honetan duzue elkarrizketa: http://goiena.eus/arrasate/1485432616920