Atzo abiatu genuen “Zurekin Arrasate Euskaldunago!” kanpaina AED, Ekin eta Txatxilipurdiko kideok.
Elkarteetako bazkide eta hurrenez hurren Txatxilipurdiko lehendakari eta hezitzaile diren Nerea Zenigaonaindia eta Iker Agirrek hurrengo hitzekin aurkeztu zuten kanpaina:
Horixe zen, bai, pasa den astean guatxapez guatxap zabaldu zen bideoak gordetzen zuen mezua. Zurekin eta herrian euskaltzale diren guztiekin batera jarraitu nahi dugula Arrasate euskalduntzen.
AED, Txatxilipurdi eta Ekin Emakumeak elkarteetako partaide gara gaur hemen batu garenok eta gonbidapen horrekin gatoz. Batu ditzagula indarrak Arrasate geroz eta euskaldunagoa izan dadin.
Izan ere, badakigu, asko zaretela Arrasaten gure hizkuntzaren alde egiten duzuenok, nork bere erara. Aukera duzuen guztietan euskara erabiliz, euskaratik sortuz sortzaile zaretenok, euskal kultura zabalduz kultur taldeetan bazabiltzate, euskararen aldeko jai eta ekimenetara joanez… Alegia, egunerokoan Arrasate euskalduntzen ari zaretela, euskara elkarteok ari garen bezalaxe. Eta, gure desira litzateke bide horretan eskutik joatea.
Azken batean, euskara elkarteok herritik jaio ginen, euskararen egoeragatik kezkatuta zeuden euskaltzale batzuek 1983an AED elkartea sortu zutenean. Arrasaten euskaraz bizitzea zen aitzindari haien ametsa eta berehala ikusi zuten indarrak batuta baino ez zutela lortuko euren ametsa egi bihurtzea. Eta halaxe ekin zioten lanari, ilusioz eta adorez ekin ere, Arrasate herri euskalduna izateko guneak eta uneak sortu, zaindu eta elikatuz.
Ekimen hartatik eta misio berarekin eratu ziren, hurrengo hamarkadan, Ekin Emakumeak eta Txatxilipurdi elkarteak, besteak beste. Ekin, emakumeen bueltan, euskaratik jendarte parekidea eraikitzeko eta Txatxilipurdi haur eta gazteei aisialdi hezitzailea eskaintzeko.
Eta sortu ginen espiritu berarekin jarraitzen dugu lanean. Herritik, herriarentzat eta herriarekin. Indar eraldatzaile indartsua delako herrigintza eta gure mugimenduaren baliorik nagusiena. Ehunka gara, 600dik gora, elkarteetako partaide eta ateak zabalik ditugu zuentzat ere. Zuen proposamenak entzun nahi ditugu. Zuen ekarpenak jaso. Herrian euskara bultzatzeko dituzuen ideiak aurrera eramateko bide lagun izan.
Bazkide egiteko erabakia hartzen baduzue, bikain. Elkarteak finantzatzen ez ezik guregainak izaten lagunduko liguke horrek. Egungo kuota ordainduz egin dezakezue hori, urtean 58 euro. Edo, bestela norberak, bere aukeren arabera, erabakitako kopurua emanez. Autonomiaz jarduteko laguntza oparoa izango litzateke.
Baina ekarpen ekonomikoa egin gabe ere izan zaitezkete gure kide. Hamaika modu dituzue horretarako. Zuen gustuko ekintzen antolaketan parte hartuz, elkarteen lan-esparru nagusietan ekarpenak eginez, egitasmo berriak proposatuz…
Eta horretara animatzen zaituztegu. AED sortu zutenek bezala herri euskaldun batean bizi nahi baduzue, horretarako ideia berritzaileak badituzue eta aurrera eramateko tokirik ez, seme-alaben aisialdiaz arduratzen bazarete, euskal kultura maite baduzue, aniztasunean euskaraz bizitzea posible dela erakutsi gura baduzue, jendarte justuago batekin amesten baduzue, euskara ikasten ari bazarete, hizkuntza eskubideak errespeta eta berma daitezela nahi baduzue, euskararen egoerak arduratzen bazaituzte, herrigintzan sinesten baduzue… batu Ekin, Txatxilipurdi eta AED elkarteetara.
Gaur hasi eta hurrengo hilabeteetan ibiliko gara “Zurekin Arrasate euskaldunago” kanpainan murgilduta. Baina ez dugu bazkide kanpaina huts bat egingo, gure helburuak elkarteon lana herriratu, herritarrekin batera egon, elkarlanak sustatu, egiten diharduguna balioan jarri eta herriko euskaltzaleak gerturatzea izango direlako. Udaberriarekin emango diogu bukaera kanpainari eta ordu arte gure ohiko jardueratan zein ekintza berezien bitartez zabalduko dugu. Nagusiena martxoaren 25ekoa izango da. Elkartekide, eragile eta herritarrekin batera Arrasate euskalduna irudikatzera aterako garen festa eguna.