Skip to main content

PAREKO

Txatxilipurdi elkarteak  mahai jolas berria argitaratu dugu, Pareko! 6 urtetik gorako jokalarientzat eta 2 -8 lagunen artean jokatzeko mahai jolas dibertigarri eta sortzailea da.

6 urtetik aurrera eta hiru maila

Marrazkietan eta hizkuntzan oinarritzen da Pareko eta 6 urtetik aurrerako jokalarientzat  sortu dugu. Jolasteko, irakurtzen jakitea  beharrezkoa da, baina erabili ditugun esaldiak oso sinpleak direnez ikasten dabiltzan txikienek ere jolasteko modukoa dela uste dugu, beti ere beraien ezaugarrietara moldatuta.  Hiru jolas maila ezberdindu ditugu,  eta  jokalari talde bakoitzak erabaki beharko du zein mailatan jolastuko duen.

Arrasateko  eragileekin auzolanean

Mahai jolasa sortzeko ideia Arrasateko euskalgintzako hezkuntza eragileei aurkeztu genien, denek izan zuten gustuko proiektua eta herriko Arizmedi ikastola eta Herri Eskolako zein institutuko   ikasleei parte hartzea proposatu  genien. 120 marrazki behar genituen jolasa osatzeko.

Bi mila marrazki baino gehiago   jaso genituen eta aukeraketa egiteaez zen erraza izan. Eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmoa babestu zuten eragileei  eta marrazkiak egin zituzten ikasle guztiei! Pareko beraiena ere bada!

Hizkuntzarekin jolasteko

Gure eguneroko lanaren oinarria gozamena da eta egitasmo hau ere bertan kokatzen dugu, ondo pasatzea da jolasaren helburu nagusia, beraz  aisialdiko proiektu ezberdinetarako egokia dela uste dugu, baita familian momentu goxoak pasatzeko ere. Bestalde,  hizkuntza jolasaren muinean kokatzean, euskara ikasten dabiltzanentzat ere erakargarri dela uste dugu, deskribapenak dira  jolasaren oinarria eta honek hizkuntzan trebatzea ahalbidetzen du modu ludiko batean.

Salgai

Pareko  salgai daukagu Txatxilipurdi elkartean 13 euroren truke eta ohiko sareetan ere banatuko dugu.  Deskribatu, marraztu, gozatu