Maiatzaren 13,14 eta 15ean HURBIL GAITEZEN NATURARA jardunaldiak burutu ditugu Arrasateko eragile desberdinen arteko elkarlanaren fruitu. Txatxilipurdi, Leintz Eskola Kirola, Besaide Mendi Elkartea, Garaion eta Sustraibarri elkarteen artean osatu dugu egitaraua eta orokorrean asteburu osoko ekintzekin oso pozik gaudela esan behar dugu, haur, gazteak eta familiak momentu batez naturara hurbildu eta honetaz gozatzea lortu dugula esan genezake.
Ostiralean:
Eguraldiaren ondorioz, Monterronen beharrean, Herriko plazan bildu ginen (80 haur). Elementu naturalak erabiliz, sormena landu genuen. Alde batetik, egurrekin eraikuntza jolasak egin genituen eta lurrarekin margotzen aritu ginen. Eta bestetik, eskulan pare bat egin genituen: “3 marran´´ jolaserako gure harriak eta egurrarekin, lepokoak egin genituen.
Saio honetan ateratako ondorioak hurrengoak dira:
- Sormenerako tarteak eskaintzen zaizkienean antsietate puntu bat nabaritzen dugu, hau da, egunerokotasunean honetarako tarterik ez dutenez dena egin nahi dute, behin da berriz errepikatu eta pazientzia edo lasaitasuna kontrolatu ezinean egoten direla sumatzen dugu.
- Haurrek elementu naturalekin jolasten orduak eta orduak pasa ditzaketela aspertu gabe, hau da, material/joastailu ez egituratuek sormenerako tarte handiagoa dutela eta beraz erakargarriagoak iruditzen zaizkiela.
- Naturako elementuak denak dira ezberdinak. Zentzumenak pizteari dagokionez, plastikozkoak baino konplexuagoak dira: ikusmenerako leunak, tonu itzaliago eta intentsitate bariazio gradualagoekin, lasaitasuna eta baretasuna darizkie.
Larunbata:
Larunbatean berriz bi ekintza zeuden programaturik baina bakarra egin genuen.
Naturaz gozatzeko ibilaldia bertan behera gelditu zen.
Musakolan egindako NaturArtean saioa oso txukun atera zen, familia giroan (60 perts haur txikietatik, guraso eta aitona amonak) gustura aritu ginen elementu naturalekin Musakolako irudia den astoa sortzen. Denon elkarlanaz eta Garaionekoen gidaritzapean, lan zoragarria burutu genuen. Hur abarrak, espartozko soka, lurra eta lore zein landareak erabiliz eraiki genuen astoa. Elkarlana, pazientzia eta gogoa izan ziren gure aliatu nagusiak. Giro gozoa sortu zen eta auzotarrak oso harro daude beraien astoaz… hurrengo asteetan belarra hasiko zaio eta berau zaintzeko konpromisoa hartu dute bertakoek.
Igandea:
Igandean berriz, Sustraibarri elkartekoekin tailer emozionala egin genuen txakurrekin. Monterronen 25 pertsona inguru bildu ginen. Haur, gazte eta gurasoekin batera egin genuen saioa. Hasieran denok aurkeztu eta txakurrekin lanean hasi baino lehenago erlaxazio ariketa batzuk egin genituen, ondoren txakurrekin aritu ginen, beraien jarreretan gure egoera emozionalak duen eraginaren inguruan hausnartzen. Jarraian, txakurrei so, lidergoaren inguruan hausnartu genuen. Norberarentzako zeintzuk diren lider positibo edo erreferente batek izan beharreko ezaugarriak zerrendatu ostean, bakoitzak bere bizkarrean postit bat jarri eta besteok bere gauza positiboak idatzi genizkion…
Saio honetan ateratako ondorioen artean bat eta garrantzitsuena animalia zein pertsonekin harremantzerako orduan gure egoera emozionalak duen garrantziaz konturatu ginen. Baita hau adierazteak duen garrantziaz, azken finean egunerokotasunean gure emozioak entzun eta hauei jarraiki bizitzen ikastea izango litzake positiboena, osasun afektiboa zaintzea eta gauza positiboak entzutek auto-estimua indartzeko duen garrantziaz ohartzea. Gaur egun “txarto´´ egiten duguna baino entzuten ez dugula esan dezakegu…
Orokorrean asteburu borobila izan da eta tarte batez bada ere familiak, haurrak eta gazteak naturara hurbiltzea lortu dugula esan genezake.