Argian agertu gara.
Erabakimena haurrei itzultzen diegunean
Zer gertatzen da aisialdiaren eta herriaren antolakuntzan haurrei parte hartzeko eta erabakitzeko aukera ematen zaienean? Lau pareta arteko jarduna apurtu eta kaleak jolaserako berreskuratzen direnean? Heziketan herritar guztiak inplikatzen direnean? Norabide horretan dihardu Arrasateko Txatxilipurdi haur eta gazteen aisialdi elkarteak. Taldeko Amaia Etxabe Goikoetxea, Aizpea Otxandiano Madinabeitia eta Mireia Baz Mangana hezitzaileekin bildu gara.
“Ludoteketan ez da eguneko egitaraua aurretik zehazten. Ikusgarria da zelako gauzak lor daitezkeen umeen ideietatik sortuak eta umeekin batera eraikiak” (Aizpea Otxandiano)
“Herria gurea ere bada, haurrena, gazteena, emakumeena, etorri berriena… Goazen herria denona egitera. Autoei emandako espazioa mugatuz, adibidez” (Amaia Etxabe)
“Jolasak sekulako eragina dauka garapen emozional eta psikomotorean; horregatik da jolasa gizakion behar biologiko bat” (Mireia Baz)
Bizitza gutxi duen auzo batean jarri zuen martxan esperientzia Txatxilipurdik: bertako ludotekako haurrei galdetu zieten ea nolakoa nahiko luketen izatea aurreko plaza. Haur bakoitzak marrazki bidez irudikatu zuen, gero kideen marrazkiak bozkatu zituzten gometxen bidez, eta tirolina eta labirintoa zituen irudia izan zen bozkatuena. Udalarekin eta auzokideekin hitz egin, eta labirintoa eraikitzeari ekin zioten haur, guraso eta auzokideek. “Hilabetez izan genuen labirintoa plazan, festa egun bat ere antolatu genuen eta egun horretarako tirolina muntatu genuen. Ikusgarria izan zen, zelako gauzak lor daitezkeen umeen ideietatik sortuak eta umeekin batera eraikiak. Prozesu guztian haurrak izan ziren protagonista (erabakietan, materialen aukeraketan, eraikuntzan…) eta gure arteko harremanak garatzeko modua oso aberasgarria izan zen”, kontatu digu Aizpea Otxandianok.
Adibideak ondo laburbiltzen du Txatxilipurdiren aisialdi eredua: “Aisialdi eredu askea lantzen saiatzen gara –dio Amaia Etxabek–, haur eta gazteen autonomia garatzen, euren beharretatik abiatuta eta euren aisialdia autoantolatzeko tresnak eskainiz. Aisialdi parekidea izatea nahi dugu, horizontala (hierarkiarik gabea), inklusiboa, komunitate baten baitan eta komunitate batekin harremanetan, ingurune naturala eta kulturala zaintzen duena, eta euskaraz”.
Haurren benetako parte-hartzea, asanblada bidez
Haurren benetako parte-hartzea bermatzea da Txatxilipurdiren oinarri nagusietakoa. Ludoteketan, adibidez, ez da eguneko egitaraua zehazten, haurrei galdetzen zaie zer egin nahi duten denbora tarte horretan eta asanbladatan bilduta denon artean erabakitzen dute, haur, gazte eta heldu (3-12 urte arteko haurrak daude hezitzaileekin), adin nahasketak ematen duen aberastasuna baliatuz. “Hasieran, ohitura faltagatik, kosta egiten zitzaien haurrei, helduak zer esango zain zeuden –azaldu du Otxandianok–, baina poliki-poliki, dinamika bereganatu ahala, ekintzak proposatzen hasi ziren eta interesgarria da ez dituztela bakarrik euren gustuko gauzak proposatzen, inguruko kideak ere hartzen dituzte kontuan. Proposamen zentzuzkoak dira, aurrera eramateko modukoak, eta oztopoen aurrean ez dira gure moduan frustratzen; trabaren bat dagoela? Bada, beste era batera egingo dugu”. Haurrak bakarrik ez, helduok ere ez gaude ohituta, gaineratu du Etxabek, “eta gure rola berrikusi behar izan dugu. Haurrari hitza eman, entzun eta elkarlanean murgiltzeko prest egon behar duzu. Benetako parte-hartzean maila berean gaudelako denok, eta elkarri entzuteko eta elkarrekin aritzeko prest egon behar dugu”.
Parte-hartze prozesuon emaitza dira, besteak beste, Otxandioko ludotekan eraiki duten etxetxoa, Arrasateko eszenatokia, beste ludoteka batean lantzen ari diren baratzea edota herriko plaza eraldatzeko hainbat lekutan sortu diren ekimenak. Haurraren kulturaz mintzatu zaigu Mireia Baz: “Umeak, jaiotzen den unetik du mundua ikusteko eta bizitzeko modu bat. Helduok gaitasun hori aitortu behar diogu, mundua ikusteko bere erari oztopoak jarri ordez”.
Beldurraren gizartetik kalea birkonkistatzera
Eremu itxi batetik bestera autoz eramaten ditugu haurrak, beti helduen zaintzapean, errepidez josi ditugu herriak eta debekuz bete plazak (baloiarekin jolasteko, patinetan aritzeko…). Beldurraren gizartean bizi garela diote elkarrizketatuek, helduok ditugun beldurrak transmititzen dizkiegula haurrei, eta gure beldurrek euren garapena mugatzen dutela. “Segregatuta bizi gara, kolektibo bakoitza bere eremuan, eta gainera espazio itxietan; sentsazioa dugu hortik kanpora dagoena arriskutsua dela –uste du Etxabek–. Mezu hori, beldur hori zabaltzen doa, handitzen, baina herria gurea ere bada, haurrena, gazteena, emakumeena, etorri berriena… Denona. Goazen herria birkonkistatzera eta denona egitera. Batzuek atzerapausoak eman beharko dituzte beste batzuen mesedetan: adibidez, autoei emandako espazioa zerbait mugatu beharko dugu plaza batzuk bizikletentzat uzteko”. “Aitonak kontatzen dit nola txikitan bakarrik irteten zen etxetik, auzoan jostatzen zen beste umeekin… baina gaur egun ez dago umerik kaleetan! Horri buelta eman eta denok seguru sentiaraziko gaituen herri askea sortu behar dugu”, aldarrikatu du Otxandianok.
Horretan hasiak dira dagoeneko: ludotekako paretak gainditu eta kalera irten dira Txatxilipurdiko aisialdi taldeak, jolaserako eta euskararako espazioak berreskuratu asmoz. “Eta ludoteka ireki dugunean konturatu gara istripu gehiago bizi ditugula barruan gaudenean, kanpoan gaudenean baino”, adierazi du Bazek. Gainera, praktikak erakutsi die eremu itxietan ematen diren harremanak askoz gatazkatsuagoak direla: “Ludoteka itxian, egun horretako umorearen arabera, istilurako prest egon gaitezke, baina pareko plazara atera eta denok askoz lasaiago gaude”, dio Etxabek.
Jolasa, garapenaren funtsa
Haurrek jolastu ahal izatea nazioartean aitortua dagoen eskubidea izateaz gain, umeen garapenerako ezinbesteko tresna dela azpimarratu dute hiru elkarrizketatuek: jolasaren bitartez lantzen direlako autonomia, gatazkak konpontzeko gakoak, norberaren mugak non dauden, norbere buruarekiko konfiantza… Horregatik, eguneko zereginak egin ondoren denbora librea izanez gero egiten den jarduera izan ordez, jolaserako tartea hartzea aldarrikatzen dute. Eta jolastea da zikintzea, igotzea eta jaistea, salto egitea… “Horrek denak garapen emozional eta psikomotorean sekulako eragina dauka; horregatik da jolasa gizakion behar biologiko bat”, nabarmendu du Bazek.
Jolasa bera, ordea, kontrolatu nahi izaten dugu maiz helduok, eta jolasgune estandarrak, jostailu jakinak eta jolas bideratuak nagusi dira gure inguruan. “Umeari dena eginda ematen badiogu, ume horrek ez du sormena landuko. Zer esanik ez, telebista aurrean jarrita baldin badugu. Aldiz, umea kalean jolasten badabil, kaleak eta naturak eskaintzen dizkion baliabideekin (jolasa ez dagoelako derrigor jostailura lotuta), ume sortzailea izango da”, dio Otxandianok.
Haurrek beraiek antolatu eta erabaki ditzatela jolasak, pertsona askeak, autonomoak eta parte-hartzaileak izan daitezen. Helburu horretan, hezitzaileak antolatzaile izatetik bidelagun izatera pasa direla diote elkarrizketatuek. Harremanak egiteko, lantzeko eta garatzeko moduan eta enpatian omen dago gakoa. “Hasieran ni neu nintzen oztopoa –onartu digu Bazek–. Umeak kalera atera? Zer esango dute gurasoek?… Baina gero, aldaketak egiten zoazen heinean, etengabe ikasten eta konfiantza hartzen zoaz. Batzuetan etxera bueltatu eta sentsazioa da gaur ez dudala ezer egin, ohituta gaudelako emaitza eta lorpen fisikoetara, baina egitasmoetan politena da nolako harremanak ematen diren, emozioak zelan lantzen diren, adin tarte ugaritako eragileen sareak nola osatzen diren… Elkar elikatzen eta ikasten dugu”.