Urte berriaren freskurarekin batera Txatxilipurdi elkarteak eta Emun kooperatibak 2020 urtean martxan jarri genuen proiektu baten berri eman nahi dizuegu. Debagoiena2030 lankidetza sarean elkarlanean dihardugu bi erakundeek, eta, 2019an burututako entzute zabalean hautemandako behar bati erantzuteko sortu genuen proiektu esperimentala da “Zuaz”. Hain zuzen, Debagoieneko nerabe migratzaileen inklusioan eta sozializazioan laguntzeko beharrari erantzuteko asmoz sortua.
Proiektu honek Zuaz du izena, eta egun, Arrasaten jada bizi dugun errealitate kulturanitzari erantzun nahi dio. Horretarako lau ardatz nagusi ditu: kulturartekotasuna, parte-hartzea, euskara eta gazteak. Arrasatek, kolore zein bizipen anitzak ditu eta horiek balioan jartzea da helburua. Egitasmo honen berezitasunetako bat, gazteentzat egin beharrean, gazteekin egitea izango da, hain zuzen, beraien begiradatik eta beraientzat.
Aurrez beste era batera planteatzen genuen arren, Covid 19-ak baldintzatuta abenduan ikastetxeetako ikasgeletan aniztasunaren inguruko saioak burutu genituen, nerabeei otsail hasieran aktibatuko den taldera gonbidapena luzatuz.
Modu paraleloan eta errealitatea kontuan hartuta, nerabe taldeaz aparte, Arrasateko zenbait eragilerekin (Liga de Mujeres de Sahara, SOS Arrazakeria, IMME, Activos por un Mundo Solidario,Kale hezitzaileak, Udaleko gazteria saila, Udaleko aniztasun saila,Arizmendi Ikastola, eta Arrasateko Institutua) batera talde eragilea sortu dugu. Egungo jendartea gero eta konplexuagoa dela jakitun gara, eta egoera ezberdinei erantzuna emateko ikuspegi ezberdinak kontuan izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu, areago kulturartekotasunaz ari garen honetan.
Beraz, proiektua hasi besterik ez da egin eta ondorengo hileetan joango gara urratsen berri ematen.